1. AURKEZPENA
● INMERSIONES. ZER DA?
Inmersiones proiektu independente bat da; hots, emititzeko esparru berriak behar dituzten arte eta kultur ekoizpenlanei erantzuteko sortu den gailu bat. Hamaika aldiz erabili den “arte emergentea” kontzeptuaren aurrean, helburu du erakunde publikoak eta ikusentzule berriak jarduera garaikideen sarean “murgildu” daitezen eragitea.
● INMERSIONES. EGILEAK:
Edizio berri bakoitzean aldatu egiten da erregistroz Inmersiones ekimenaren formatua, eta talde eragile berri baten bultzadarekin jartzen da abian. 2012ko edizioan, zehazki, taldeak kide hauek ditu: Fernando Iglesias, Nerea Lekuona, Iñaki Larrimbe, Cristina Arrazola–Oñate eta Arturo / Fito Rodríguez gehi adiskide eta laguntzaile asko eta asko.
● INMERSIONES. NOREN LAGUNTZAREKIN:
Inmersiones ekimenak Eusko Jaurlaritzan aurkitu du finantzaketa, Arte Plastikoen eta Ikusizkoen arloko jarduerak sustatzeko laguntzen deialdiaren bidez, bai eta 2012 Fundazioan ere. Bestelako laguntzaileak ere baditu: Gauekoak, Espacio Zuloa, bai eta Gasteizko hainbat kolektibo ere. Inmersiones, era berean, kolaboratzaile eta adiskideen sare bat da.
● INMERSIONES / 2012ko GAIA:
Inmersiones ekimenak bakearen gaiari heldu dio bere bosgarren edizioan, tentsio ugariri lotuta dagoen termino bat baita. Batetik, paradoxikoa bada ere, terminoak berak oraindik ere gatazkatsua izaten jarraitzen du gure gizarte globalean eta gure testuingururik hurbilenean. Bestetik, haren esanahiak berehalakoan ekartzen digu gogora zenbat modu dauden indarkeria gure eguneroko bizitzan inskribatzeko, berdefiniziorik aurkitzen ez duen gizarte eta ekonomia eredu baten ondorioz. Bakeak, gaur egun, borroka tokia izaten jarraitzen du; konkistatzen den lurralde bat.
2. PAKEAN UTZI ARTEA
Bere garaiarekin konprometitua dagoen lan bat egiten duten sortzaileen, bitartekarien, ikertzaileen eta kolektiboen bila ari gara. Lan honen mami kontzeptualak hainbat ardatz izango ditu: esaterako, indarkeria mota desberdinak eta bake-adiera desberdinak, eta horrekin batera, artean oinarritutako konpromisoak egun hartzen dituen forma desberdinak eta arteak gaur egun betetzen duen eginkizunaz galdetzen duten arte-proposamenak. “Pakean utzi arte-a”, izan ere, gure ahotsa entzunarazteko modu ona da.
● INMERSIONES 2012. DEIA:
Edizio honetan, Inmersiones-ek instituzio artistikoaren esparruetatik atera nahi du. Horregatik, talde eragileak ahalegin berezia egin du kokapen berrien bila: Espacio Zuloa izango du eskura, baina bestelako lekuak ere Gasteizko Alde Zaharrean. Ideia da leku horien arteko ibilbide bat egitea eta, egun horietan, hiriaren bizitzan egiazko murgilketa bat egitea. Inmersiones-en apustu hau erronka handia da, bere indarra proiektuaren ezaugarri independentean pausatzen duelako, eta pausatu, halaber, aukera berriak bilatu behar izatean eta herritarren bizitzan txertatu behar izatean. Horregatik, eta artea eta kultura gure lurraldean nola dauden ikusita, inoiz baino gehiago Euskal Herriko artisten, jendearen, elkarteen eta kultur eragileen engaiamendua behar dugu.